Euskara ikasteko ez ezik, euskaraz bizitzeko ere toki paregabea dira barnetegiak. Giro ederrean, herritarrekin harremanetan, azkarrago eta errazago ikasten delako. Zer egiten da bertan? Eskolak, gramatikaren lanketarako zein bakoitzaren behar linguistikoei erantzuteko; tailerrak, hizkuntza eginez ikasten delako; kultur ekarpenak: hitzaldiak, musika emanaldiak… besteengandik ikasteko eta gure kultura hobeto ezagutzeko; eta irteerak, geure ingurua ezagutzea Euskara ikastea ere badelako.
Astebete edo bi asteko egonaldiak izaten dira, 24 orduz euskaran murgilduta. Eta gozatuz, ikastea eta gozamena zenbat eta lotuago, orduan eta emaitza hobeak lortzen baititugu ikaste prozesuan.