Bakaiku, Santa Marina, Hiruaitzetako begia, Baiza, San Adrian, Etxarriko mendatea

ibilbidea-BERRIA-mapa-1

Sakanako behatokia

Etxarriko mendatetik Sakana aldera doan galtzadaren gaindi nabarmentzen da Hiruaitzetako ezproi zulatua, mendeetan mendiok zeharkatu dituztenen lekuko.

2020-08-28 / Mikel Arrizabalaga (BERRIA) Itsasu eta Irurtzun herrien artean zabaltzen den Sakanako autobidea hartu, eta Iturmendi-Bakaikuko irteeratik jota iritsiko gara Bakaikura (Nafarroa). Horixe izango da ibilaldiaren abiapuntua.

Bakaikuko San Juan elizaren ondoan dagoen plazatxoan ibilgailua utzi eta errepidea gurutzatu ostean, Iturmendira doan pistan barna egingo ditugu lehen minutuak. Herrian sartu, parez pare dugun Urbasako goi lautadarantz zuzentzen den porlanezko pistari heldu, eta lehen bidegurutzera iristean eskuinerantz joko dugu. Bide zabalari segituz pagadian murgildu, eta erraz egingo dugu aurrera. Bide seinale zuri eta horiek noranzko zuzena aukeratzen lagunduko digute, eta, etenik ez duen aldapan gora, San Benito baselizatik datorren bidearekin bat egingo dugu.

Mendatera iristean Santa Marinako baseliza muino baten gainean ikusiko dugu. Ataka atzean utzi, eta belarrezko tapiza zapalduz gora helduko gara. Baselizaren parean aterpea dago (Andretxea jartzen du), eta metro batzuk aurrerago, tontorra. Euskaraz Bizi leloa duen Argitxoren gutunontzia haitzetan txertaturik aurkituko dugu. Iparraldera begira jarri, eta, gure mendean, Sakanako haran luzea dugu, eta, hego aldera, berriz, Urbasako ordeka amaigabea. Baselizaren ondora itzulita, aterpean gaua igaro duten gazte batzuk lehen nagiak astintzeko kanpora atera dira.

Hiruaitzetako Begia

Etorritako bidetik lepora jaitsiko gara, eta, hesia gurutzatu ostean, horren paraleloan Pilotajoko aldera igotzen hasiko gara. Berehala ikusiko dugu ezkerrera Hiruaitzetako Begia, eta mendi mazelaren erdi aldera iristean Bakaikura doan xenda nabarmenari jarraituko diogu. Pagadira iristean, hori utzi, eta ikusgaitz den beste xenda bat aurkituko dugu pago zaharren artean murgilduz. Denbora gutxi beharko dugu haitz zulatuaren ondora iristeko. Naturak zizelkatutako gutizi karstiko hau ingurune malkartsua da, eta kontu handiz ibili behar da. Poliki egingo dugu aurrera. Begia gurutzatu eta bestaldera pasatzean, beste bi haitzak ikusiko ditugu; horiek ere ederrak izan arren, ez dute lehenak duen erakargarritasuna. Hala ere, harritzan zehar tarteka marrazten den xendatik gora egin, eta hirugarrenera igotzean atseden txiki bat hartzea erabaki dugu. Zintzurra freskatu, argazki pare bat atera, eta ikuspegiaz gozatu eta gero, gandorraren gainaldera atera gara.

hiruhaitzetako-begia

Hiruaitzetako Begia. MIKEL ARRIZABALAGA (BERRIA)

Baiza eta San Adrian

Gandorrean zehar, Baizako tontorraren bila abiatuko gara. Gure eskuinean ur putzu handia laga, eta txilarren eta ipuruen artean malda eroso bati ekingo diogu, alanbrezko hesiaren ondotik. Tumulu itxura duen gailur horretan, erpin geodesikoa eta 1967an Club Deportivo Udaberriko taldeak jarritako gutunontzi herdoildua aurkitu ditugu.

Etxarriko mendate aldera joko dugu segidan, eta, Iruelorritara iristean, Mayo izenez ezaguna den pago enborra lurrean etzanda ikusi dugu. Erritu zaharrari jarraikiz eta labore lurrak babesteko asmoz, maiatzaren lehen egunetik aurrera herritarrak mendira igotzen dira, eta hamabost metro inguruko pago bat aukeratu, moztu eta azala kentzen diote. Egun batzuk geroago zulo batean sartzen dute, puntan egurrezko oilar bat labore lurrei begira jarriz. Horrela, uzta ona izango dutela uste dute.

Etxarriko mendatera heldu aurretik, Etxarri-Potugañako trikuharriak izenez ezagunak diren Brontze Aroko bi trikuharrien aztarnak aurkituko ditugu. Horietako baten ganbera zortzi harlauzaz osaturik dago, eta tumuluak hamar metro baino gehiagoko diametroa du. Metalezko langa gure ezkerrera utzi, eta San Adriango baselizara igotzen hasiko gara. Lizarraga herriaren gainean, talaia paregabea da pareta bertikaletatik zintzilik dagoen baseliza, Beriaingo malkarrak eta San Donato ikusteko.

Etxarriko mendatera itzuli, metalezko ataka pasatu, eta galtzadan barrena beherantz egingo dugu. Pagadian murgiltzen den bidea zabala eta bikaina da, baina bidegurutzera iristean, Etxarrira doana utzi eta ezkerrekoa hartuko dugu, eta Bakaikuraino zuzenean jaitsi. Herrira iritsi aurretik, goian ikusiko dugu Hiruaitzetako Begia, Sakanako lekuko isila.

 

BERRIA egunkariak duen Creative Commons lizentziari jarraituz ekarria.